XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oso gutxi dakigu beren lehen urtetaz.

Oinarrizko heziketa Logroñoren ondoan dagoen Oion herriko eliz-eskolan egina izango zutela pentsatzen da, zeren bi anaien aita bitxia zen Jose Antonio Zabala eta Olalde bertan bizi bait zen, eta denbora haietako ohiturari jarraituz, bere besoetakoen heziketa intelektual eta moralez arduratuko zen.

Denbora haietan ohizko ziren giza alorreko ikasgaiak ikasi ondoren, hala nola, latina, grekera, e. a. hamasei urte inguru zituztela Parisa igorriak izan ziren beren heziketa zientifikoa burutzearren.

Egite honek ezinbestean merezi du azterketa pittin bat zeren ezin genezake oso normaltzat jo lehen begiradan, baina badu noski bere explikazioa.

XVIII. mendearen bukaeran Ilustrazioaren ideak puri-puri zeuden Euskal Herrian.

Zientzia gizartearen baloreen mailadiaren gailurrean ezarrita zegoen eta nahiz klase aristokratikoak nahiz burgesia garaiak beren ezaugarri bereizgarrienetakoen artean zientzi zaletasuna zuten.

Giro honi esker Francisco Xabier Mª Munibek, Peñafloridako Konteak, sortu ahal izan zuen Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País delakoa eta Bergarako Mintegi Abertzalea.

Elkartea eta Mintegia izan ziren moda haren euskarri eta bideratzaile sendo, eta geroago ikusiko dugunez lortu ahal izan zuten maila zientifikoak ez zien ezeren enbidirik Europako beste leku aurrerakoienekoei.

Juan Elhuyar, elkartearen partaide zenez Ilustrazioaren ideiekin bat zetorrelaren froga zehatza ipar Euskal Herrian jaio izanik, kultura frantsesarekin lotura hertsiak suposa lekizkiokeenez ez da harrigarria semeak, Fausto eta Juan Jose alegia, Parisa bidaltzea.

ELHUYAR anaiek Parisa iritsi ziren garaia oso egokia zen Natur Zientzia eta Zientzia Aplikatuen ikerketarako.

Orduan zientzilariek ezartzen ari ziren geroago hain garapen izugarria izango zuten zientzien oinarri teorikoak.

Ez dira ezagutzen zehaztasunez anaien Parisko egonaldiko datu zehatzak baina 1770 eta 1776 bitartean egon zirela pentsatzen da.

College Royal-eko edo Lorategi Botanikoko kimikazko kurtsoetara joan ziren eta ikasketak egin zituzten D`Arcet eta Rouelle irakasleekin, Kimikan eta Fisikan ez ezik Mineralogian eta beste natur zientzietan hastapenak eginez.

Parisko egonaldiko urte hauetakoak izango dira ziur aski anaien Euskal Herriko Adiskideen Erret Elkartearekiko lehen harreman zuzenak, zeren Peñafloridako Kontearen seme nagusia zen Ramon Maria Munibe ez bazuten ezagutu ere, zalantzarik gabe ezagutu ahal izan zituzten 1775eko udazkenean Parisera joan ziren Antonio Maria Munibe, lehengoaren anaia, eta Xabier Maria Egia, zeinak zientzi erabilgarrietan zenbait ezagupen jasotzera bidaliak izan bait ziren.

Harreman horien ondorioz, 1778ko Batzar Orokorren erabakiaren arabera bi anaiak onartuak izan ziren Elkartean Partaide Irakasle gisa, Fausto izendatuz Erret Mintegiaren Mineralogia eta Metalurgiazko Irakasle.

Halaz ere, denbora dexente iragan behar zuen oraindik Fausto Bergarako Katedrataz arduratu baino lehen, zeren Espainiko Errege Carlos III-ak ordainduta, bere Juan Jose anaiari zientzia metalikoak atzerrian ikasteko aukera eman izanik, Batzar Orokor horietan erabaki bait zen Faustori ere ikasketa berak ordaintzea orduko aipagarri zituen ezagupen zientifikoak borobil zitzan.